- Hasiera
- Ezagutu gaitzazu
- Prentsa-aretoa
- Negozio ideiak
Negozio ideiak
Definizioa
Nori ez zaio inoiz otu negozio ideia handiren bat? Nori ez zaio damutu izan buruan ibilitako ideia hura ez egina beste batek martxan ezarri duela ikustean? Edo nork ez du behin eta berriro erabaki enpresa uztea eta bere kabuz jarduten hastea, baina jakin barik zein negozio mota jorratu? Negozio bat garatzea eta horretarako behar den enpresa martxan ezartzea uste baino ideia arruntagoa da, jende askorena, alegia. Neurri handi batean denak gara enpresa ekintzaile eta suspertzaile eta negozio ideiak ditugu. Arazoa, jakina, ideia hori nola ustiatu behar den jakitea da, hots ideia nola garatu zentzuz eta errentagarritasunez.
Negozioaren ideia merkatuan eskaini nahi den produktua edo zerbitzua da, saldu nahi dena, bezeroak erakartzeko tresna eta etekin ekonomikoa lortzeko baliabidea. Hori dela-eta negozio ideia ezin da ideien zirriborro ilun bat izan. Negozio ideia salmentarako argudio nagusia da.
Baina negozio ideia ez da soilik enpresa sortzean aplikatu behar. Lehian behar den moduan aritzeko enpresek ideia berriak sortu eta aplikatu behar dituzte beraien eguneroko garapenean. Hori dela eta, ezin diogu inoiz uko egin ideia berriei.
Ideiaren barne osagaiak
Negozio ideia gauzatzean funtsezko honako bost osagai hauek hartu behar dira kontuan:
- Produktu edo zerbitzuaren deskripzioa. Negozio oro ideia batez hasten da, saldu nahi dugun horrekin, alegia. Ideia argia eta zehatza izan behar da, produktu edo zerbitzuaren deskripzioa, alegia. Produktuaren deskripzio laburra da ezaugarri nagusiak azaltzen duena eta gainontzeko produktuekin dituen berezitasunak azpimarratzen dituena.
- Asetzen dituen beharrak. Asetzen dituen beharrak, azken batean ondasuna edo zerbitzua erosten duten pertsonei konpontzen dizkien arazoak edo produktuaren erabilgarritasuna. Ez dago enpresa ideia onik ez bada saltzen. Salmenta produktuak asetzen dituen beharren araberakoa izango da.
- Balio erantsiaren deskripzioa. Ez da nahikoa saltzeko produktua eta bezero multzo bat edukitzea. Merkatuan egon daitezkeen antzeko produktuak, antzeko ezaugarri fisikoak dituztenak zein behar berberak asetzen dituztenak, aztertu eta kontuan hartu behar ditugu. Beraz, balio erantsia ere funtsezko osagaia izango da: salmenta lehian jarduten duten beste lehiakideekin ditugun bereizitasunak azpimarratu eta beraiek baino hobeak garela frogatu behar dugu.
- Bezeroa izan daitekeena. Behin eta berriro aipatu dugu bezeroa funtsezko osagaia dela enpresa kudeaketan. Bezeroaren interesak, gaitasunak, nahiak, erosketa ohiturak produktua saltzeko salmenta estrategia zehazteko erabiliko ditugu. Ezinbestekoa da bezeroa zein izan daitekeen definitzea, adinaren arabera, sexuaren arabera gaitasunaren arabera edo bestelako irizpideen arabera…
- Merkatuan antzeko produkturik dagoen ala ez jakitea. Produktuarekin lehian arituko diren beste produktuak behar den moduan ezagutzea garrantzi handikoa da negozio ideia diseinatzerakoan. Lehiakideen metodoak, produktuak, eta salmenta estrategiak ezagutu behar ditugu. Adi egon behar gara, arrakasta lortu duten estrategia guztiak kopiatu ahal izateko eta era berean horiengandik nabarmentzeko.
Negozio ideia nola garatu
Pertsona bat negozio ideia baten bila dabilenean ez daki oso ondo nondik hasi. Batzuetan, ideiak besterik gabe agertzen dira, berehala. Besteetan berriz, sortze teknikak erabili behar dira negozio ideia berriak sortu, definitu eta garatu ahal izateko.
Sarri askotan negozio ideiak, halabeharrez edo txiripaz ere sortzen dira ingurua ezaguturik (familia enpresak) edo beste enpresaren batean izandako lan esperientziaren ondorioz.
Sarri askotan ideia bera ez da berritzailea, baina aurretik funtzionatzen duten zerbitzu edo produktuak hobetzeko edo aplikazio berriak eskaintzeko balio du. Guztia da baliozkoa norbait gure produktu edo zerbitzu horren truke ordaintzeko prest dagoen bitartean.
Edozein kasutan ere, behaketa eta giza joeren ikerketa eta analisia funtsezkoa izaten da. Giza joeren aldaketa aldez aurretik ikusten badugu, eskaera handia lor dezaketen ondasun edo zerbitzu berriak eskaintzeko aukera handiak izango ditugu.
Ideia sortzeko iturriak
- Beharra antzematea: hau ere marketing beraren funtsezko printzipioa da. Beharra garaiz antzeman eta behar hori asetzeko baliabideak eskaintzen duenak enpresa abentura horretan arrakasta lortzeko aukera handiak izango ditu.
- Hutsuneak antzematea: Batzuetan ez da behar ideia berritzailerik ezta oso liluragarririk ere. Une horretan egiten ez den gauzaren bat antzematea nahiko izan daiteke, martxan ezarriz gero arrakasta lortzeko.
- Urritasunak antzematea: Aurreko puntuekin lotuta dago. Egiten den gauzaren bat gaizki egiten ari dela edo hobeto egin daitekeela konturatzen garenean sortzen dira ideia hauek.
- Zaletasunak gozatzea: Norberaren negozioa sortzeko erarik onena, norberaren gustuko gauzak eta zaletasunak lantzea izaten da. Batez ere jorratzen den arlo horren inguruan ezagutza maila handia daukagunean eta horretan ordu pilo bat emateko prest gaudenean.
- Produktu zaharren aplikazio berriak: Ideia hauek, gehienetan, ikusgarriak eta oso egokiak izaten dira. Zer gertatuko litzateke baten bati otu izan balitzaio telefono linearen bidez gutunak igortzea? Bada, faxa asmatuko lukeela!
- Gizarte aldaketak: Gure gizartea etengabe eta agudo aldatzen ari da eta berarekin batera jendearen nahiak eta asmoak ere bai. “Nahiak” eta “asmoak” negozio munduan magia duten hitzak dira. Gertatzen diren aldaketak antzemateko adi egotea negozioa asmatzeko iturri ona izan daiteke. Orain dela urte batzuk alferrikako, burugabe eta baliogabekoak ziren produktuak saltzen dituzten enpresa berriak egunero ikusten ditugu, gaur egun. Abentura-turismoa edo hirugarren adinarekin lotutako zerbitzu eta ondasunak, gizartean izandako aldaketa horrek sortarazi dituen aukera berri horien aprobetxamenduaren adibide argiak dira.




